Lasterkari herrikoiaren Meka: antolaketa, malgutasuna eta errealismoa

Igande honetan izango da Behobia-Donostiaren 54. aldia, bosgarren urtez 30.000 lagunetik gora bilduko dituen lasterketa

Behobia-Donostiaren biharamuneko galdera erretorikoa bihurtu da jada: “Zer denbora egin duzu?”. Amaierako emaitza ikusten da aurten 54. aldia beteko duen lasterketa baten aldagai garrantzizkoen bezala. Gainera, bosgarren urtez jarraian 30.000 korrikalariren langa gaindituko du, lorpen handia da herri lasterketen indarraldia igaro den honetan.

Partaide gehienentzat, amaieran kronometroak markatzen duena baino haratago doa Behobia. Hilabeteak irauten dituen bidaia bat da, Donostiako Bulebarrean amaitzen dena, ez aurreko hiletan era guztietako bizipenak batu gabe.

Planifikazioa da lasterketaz gozatzeko zutabeetako bat, eta hiru fase ezberdinetan ezar daiteke: prestakuntza, lehiaketa eta Behobia ondorena (aurre, bitarte eta ondoren, kirol lexikogintzan). Guztiek dute izateko arrazoi bat, eta behar duen neurrian zaintzea komeni da.

Lasterkari herrikoiarentzat, prestakuntza abuztuan hasten da oro har eta hiru hilabeteak errusiar mendi bat bilakatu daitezke ondo planifikatzen ez bada.

Psikologikoki, “prestakuntza” aldia gure hobekuntzaren eta errendimendu mailaren pertzepzioak hartzen joateko da, zeinak gure konfiantza eta motibazioa hobetuko duen, dudarik gabe, lasterketari begira. Hala, alde batetik konfiantza eta kontrola irabaziko ditugu, gure aukerak, entrenamendu baldintzak eta gure errekurtsoak aintzat hartzen ditugun heinean. Bestalde,entrenamendutik entrenamendurako jardun-helburuak xehatzen baditugu eta malguak baldin bagara haien onarpen mailara atxikitzen baditugu. Gisa horretara, Behobia on batez gozatzeko oinarriak jartzen ariko gara.

Planifikazioa ez da disziplina ia militarra jarraitzearen baliokidea: une oro egoki jokatzea da. Atsedena da horren adibide garbi bat. Entrenamenduko zehaztapenak aldagarriak dira, betiere modu logikoan egiten badira. Lan aste gogor bat baldin badugu, entrenamentu bat hutsegitea ez da kulparako arrazoia. Aisialdi egun batek tentsioak askatuko dizkigu eta eramangarriagoa egingo du hurrengo egunetako planninga. Zazpi kilometro gutxiago entrenatzeak ez gaitu helburutik urrunduak; izatekotan, alderantziz.

Halaber, garrantzitsua da norberaren arabera entrenatzea. Errealismoa frustrazioan ez erortzeko gakoetako bat da. Kirolari batek bere gaitasun fisiko eta psikologikoetatik urrun dauden helburuak ezartzen baditu, ez lortzeak, agian, halako lasterketa batean gehiago ez aritu nahi izatea ekar dezake. Kirolari herrikoiak gozatzeko gaude, irabaztea gugandik urrun dagoen helburu bat da kasurik gehienetan. Hargatik, aurretiazko helburu batzuk ezartzeak gure lana hobetzea ekarriko du gure helmugarako bidean.

Alabaina, prestakuntzaz gain, lasterketako plan bat egitea ezinbestekoa da guk nahi ditugun emaitzak lortu ahal izateko. Psikologikoki, planak laguntzen digu gure arreta lasterketako arlo garrantzitsuenetan ezartzen. Garrantzitsuena lasterketan helburu ezberdinak ezartzea da, eta kilometroak egin ahala betetzen joatea. Lasterketa zati ezberdinetan banatzea da, zeintzuek geroni indartzea eta motibazio maila egokia mantentzea ekarriko diguten. Pla horretan bideko zailtasun guztiak, unerik aldezkoenak, zati bakoitzean egin beharreko denbora eta abarrak sartzen komeni da.

Aldi honetan garrantzitsua da muturreko emozioak saihestea. 30.000 laguneko lasterketa bat da, eta 21 kilometroak jendez gainezka daude. Egia da. Baina hobe euforia eta antsietatea bazter uzten baditugu. Horiek ez dute, inolaz ere, gure lana hobetuko. Dagokioguna baino erritmo altuagoa irtetea emaitza kaxkarrenari atea zabaltzea da; bere erritmotik atera egiten da atleta, eta iristeko zailtasunak ditu. Burugogorkeriak ere ezin du lekurik izan. Sentsazio onak izateak ez du lasterketarako planteamendua albora utzi beharrik; behar den moduan hidratatu behar da, eta bidean jan. Hobe da sasoiko iritsi, 30 segundu beranduago bada ere, ez iristea baino.

Hala, eta prestakuntza ona izan arren, pertsonok ez gara makina perfektuak, eta guztiok izan dezakegu egun txar bat Behobian. Hargatik, gomendagarria da, behin lasterketa bukatuta dagoenean, beroan, ez epaitzea eta ezta gure emaitza ebaluatzea ere. Hobe da emozioak albora uztea eta egun batzuk igaro ostean azterketa errealistago bat egitea, jarri genituen helburuak kontuan hartuta. Ezarriako denboran ez iristeak ez du esan nahi planifikazio guztia gaizki egin denik.

Esperotakoa hobetu baduzu, gozatu zentzuz, eta bestela lasai egon, datorrek urtean hor egongo baita Behobia, aurreko 54 aldietan egon den bezala.

Lasterketa osasuntsu bat izan dezazula, eta gozatu dezazula.

Inklusioa, gizartearen beharrizan

Pilota inklusiboa proiektua aurkeztera gatoz gaurkoan. Zenbait eragilek parte hartzen duten egitasmo honetan, tartean, NAREko Amaia Ramirezek, dibertsitate funtzionala duten lagunen inklusioa lantzeko pausoak eman ditu. Haren inguruko xehetasunak azaldu dizkigu Itsaso Nabaskues proiektuko kideak.

Gizarte justu eta inklusiboago baten aldeko jarduna. Esaldi horrek laburbildu dezake “Pilota inklusiboa” programaren lan egiteko motibazioa. Zenbait eragile elkartu dira bertan, eta guztiek norabide berean dihardute. Hala azaldu du taldeko kide den Itsaso Nabaskuesek. Gainontzekoak, Uxue Fernandez irakaslea, Jurgi Olasagasti Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kidea, Oidui Usabiaga EHUko Kirol eta Hezkuntza Saileko kidea eta Amaia Ramirez psikologoa eta NAREko zuzendaria dira.

“Diru laguntza baten berri izanda abiatu genuen proiektua”, zehaztu du Nabaskuesek. Haren esanetan, Olasagastik jakinarazi zien saio inklusiboak diseinatu eta ikertzeko aukera zegoela, eta hala abiatu zuten proiektu pilotua, iaz, Usurbilen egindako ekinaldi batean.

Parte hartzaileei interesgarria iruditu zitzaien aukera hori: “Egungo gizartean pil-pilean dagoen hitza da inklusioa; gizartearen dibertsitatea isladatzen du”. Nabaskuesek azaldu du diskriminazio mota ezberdinak ematen direla egun, eta hori pizgarri izan zaiela lan hau egiterako orduan: “Arraza, genero, edota dibertsitate funtzionalaren arloan ematen dira. Kirola garrantzitsua da arlo horiek lantzeko”.

Hala, pilota baliatu dute haien ikerketaren funts gisa: “Gaitasun ezberdina duten pertsonek hartu dute parte. Ariketa ezberdinak eta jolasak egiten dituzte, eta gauza asko planteatzen dituzte hala”. Emaitza ona lortu dela dio Nabaskuesek: “Parte hartzaileak gustura geratu dira; haietako batzuk etxera joan eta Usurbilgo esperientzia errepikatzeko asmoa agertu dute”.

Egindako lan guztia esaldi batean laburbildu du pilota inklusiboaren lanketa hau egin duten kideek: “Inongo diskriminaziorik gabe aritzea posible dela baieztatu dugu”. Bide berriak zabaltzea falta da orain; horretarako prest daude kide hauek, zeinetan NAREko Amaia Ramirezek aholkulari lanak egin dituen.

Presioa eta kirola

Kontxako Banderak jende asko erakartzen du Donostiako Badiara. CC-BY-SA

Hasieren eta amaieren hilabetea da iraila. Ikasturteari ekiten zaio, oporrak amaitzen dira eta karpetak zabaldu eta zikloak ixteko garaia da. Gauza bera gertatzen da kirolean ere. Batzuk hilabete honetan hasten dute ibilia, eta sasoi amaiera da beste batzuentzat. Baloia martxan jartzen da eta txirridunlaritza profesionaleko itzuli handien katea geratu egiten da Espainiako Vueltako helmugara iristean.

Psikologiaren arlotik begiratuta, denboraldi baten amaiera nahiz beste baten hasiera une garrantzitsuak dira, motibazio eta konfiantza maila altu eta egonkorrak determinatzeko garaia baita. Hala, garai horiek psikologikoki ondo kudeatzea gako da arrakasta lortu eta hura denboran zehar mantentzeko. Zalantzarik gabe, hori da bikaintasunera eta kalitatera bideratutako kirol elkarteen ezaugarri nagusienetako bat.

Motibazioa eta autokonfiantza bi aldagai aurreikusle dira lehiaketa estresari aurre egiteko orduan. Taxutze psikologiko egokia ahalbidetzen die kirolariei, eta estresari modu adaptatiboan aurre egitea.

Jar dezagun duela gutxiko adibide bat. Duela bizpahiru aste jokatu zen Kontxako Banderaren lehendabiziko jardunaldia. Hitzordu garrantzitsua da Donostian,Gipuzkoan eta Kantauriko kosta guztian; 1879tik milaka lagun erakartzen ditu iraileko lehen bi igandeetan. Modernitate dosiak dituen tradizioa da.

Halaber, txapelketarik garrantzitsuena da arraunlari guztientzat. Azaroan hasten dira entrenatzen, baina hasieratik bi egun horietan kokatzen da burua. Hamaika hilabeteko prestakuntza fisiko intentsua du, gutxitan psikologikoa, eta horren ostean agertzen dira Donostiako badian lehen igandearen aurreko ostegunean, sailkatze estropada jokatzeko. “Urduritasunaren estropada” bezala ezagutzen da, traineru asko ia derrigortuta baitaude zazpi txarteletako bat lortzera: urte guztiko prestakuntza dago jokoan, eta baita babesletzak, kirol errekonozimendua eta pasioak pizten dituen lehiaketa batean zure herriaren ohorea ere. Koktel hori guztia aurreko egunetan gainean eramaten du arraunlariak.

Baina horretarako prestatuta al daude arraunlariak? Zein dira kontuan hartu beharreko alderdi psikologikoak? Nola kudeatu presio guzti hori?

Dudarik gabe, helburuen planifikazioa da entretzaile guztien eskura dagoen lanabes psikologiko bat.

Helburuen planifikazioa teknika horri dagokion zorroztazunarekin egiteak bermatzen du kirolariek lehiaketaren arlo garrantzitsuenean jartzea arreta, eta bere errendimenduari dagokion expektatiba errealistak ezartzea txapelketako estresari berme gehiagorekin aurre egiteko.
Horrenbeste jokoan denean ez da erraza lehiaketako plana mantentzea, alabaina, eramangarriagoa da psikologikoki prest egonez gero.

Horren adibide bat jazo zen aurtengo Kontxako Banderan. Estropada guztian parean joandako bi traineru asko gerturatu ziren. 15. minutua zen, eta amaierako garaipenerako bidea zabalduko zien emaitza lortzeko borrokan ari ziren. Meteorologiak hainbeste baldintzatutako kirol batean, bi ontziek arraunak ukitu zituzten elkar, eta haietako bat zigortua izan zen, amaierako garaipenerako aukera guztiak galduz. Hilabeteetan zehar egindako espektatibak galdu egin ziren eta foku mediatikoa ontziko patroiarengan ezarri zen. 22 urte ditu patroiak.

Nola kudeatu egoera hori, zazpi egun barru berriz lehiatzeko?

Ez dago formula magikorik. Alde batetik, entrenamendu psikologikoak planifikazioa, lana eta denboran zehar mantendutako entrenamendua behar ditu, bai entrenatzaileen aldetik, baita kirolarien aldetik ere. Bestalde, beharrezkoa da kirol psikologia joko zelaian txertatzea, eta disziplina arteko lana egitea egoera erraztaileak osatu eta kirolaria psikologikoki ahalduntzeko. Guztia, goi mailako lehiaketaren eskakizunei arrakastarako bermeekin eusteko.

Eskolarako itzulera

Eskolarako itzulerarako garrantzitsua da egoerari aurrea hartzea. CC-BY-SA

Dagoeneko atzean geratu dira ordutegirik eta araurik gabeko egunak. Eskolarako itzulera oso momentu bizia da emozionalki haurrentzat. Aldaketa askoko uneak dira; errutinan, harremanetan, elikadura motei dagokionean, ordutegietan… Horrek guztiak ekar dezake haurrek aktibazio hori sumatzea, baina adierazten eta hitzekin azaltzen ez jakitea. Horregatik, garrantzitsua da gurasoek eta irakasleek aldi hau antolatzea, laguntzaile rol bat hartuz, eta garai horretako doikuntza psikologikoa erraztu dezaketen aldagaiak kontutan hartuz.

Ez dezagun ahantzi garai honek hiru aspektu nagusi dituela alderdi psikologikotik begiratuta: motibazio eta konfiantza maila altuak eta egonkorrak mantentzea, kurtsoan zehar haurraren ikaskuntza eta asebetetze mailak bideratuko dituen ohiturak sortzea eta laguntza ona eskaintzea bermatzeko komunikazio egokia lortzea helduarekin. Jarraian doaz aldi honi arrakastaz erantzuteko jarraibide eraginkor batzuk:

  1. Aurrea hartzea: Eskolak hasi baino astebete edo bi lehenago, hasi ordutegiak, elikadura, eta errutinak pixkanaka ezartzen. Eskola garaian funtzionamendu ona lortzeko oinarrizko arauak, ekintzak eta ordutegiak sartzen joan.
  2. Komunikatu: Haurrekin hitz egin, aldaketa hauen zergatien inguruan informatuz, haiek azalduz eta aurreikuspen positiboak elikatuz. Beharrezko elementua da eskola garaiari arrakastaz ekiteko. Kontuan hartu ezin dela bakarrizketa bat izan. Ondo komunikatzeak entzunaldi aktiboak eskatzen ditu, haurraren beharrei eta zalantzei adi egon eta erantzunak emanez.
  3. Engaiatu: Engaiatzeak erraza dirudi, baina aurrera eramateko lidertza gaitasuna eskatzen du. Zure seme-alabekin komunikatu eta adostu zeintzuk liratezkeen eskola aldi arrakastatsurako beharrezko errutinak eta arauak. Honek haien motibazioa hobetuko du, eta bere arrakastaz jabetzen lagunduko die.
  4. Antolatu: Garai honetan aldaketei aurre egin behar zaie, helburu txikiak ezarriz. Erraz lor daitezkeen erronkak ezarriz. Haurra engaiatu ahala eta ezarritako helburuak betetzen ari dela ohartu ahala beraren konfiantzak ere hobera egingo du.
  5. Sendotu: Garrantzitsua da aldaketa txikiak lortzen joan ahala, norbera sendotu, eta lortzen ari diren helburuak kontutan haurrak sendotzea. Modu argian egin, hura lortzeko egin duten esfortzua eta lanak sortutako poza adieraziz. Litekeena da, hala, haurrek beren esfortzuak merezi duela sentitzea, eta aldaketarekin gehiago engaiatzea. Baita kurtsoan zehar erronka berriei aurre egiteko konfiantza gehiago lortzea ere.

Ororen gainetik…sendotu zaitez. Alor guztietan daude helburuak lortzeko motibazio berezia eskatzen duten momentuak. Eskolarako itzulera da haietako bat, bai haurrentzat, bai haiei laguntza eskaini behar dieten helduentzat ere. Hargatik, garrantzitsua da ezarritako helburu horiek lortu ostean norbere buruari aitortza egin eta sendotzea, gure gazteak ohitura onetan, arrakastarekin, eta motibazioa eta konfiantza lortuta ekin diezaioten ikasketa kurtso berriari.

Eutsi, eta kurtso berriaren bila!