Inklusioa, gizartearen beharrizan

Pilota inklusiboa proiektua aurkeztera gatoz gaurkoan. Zenbait eragilek parte hartzen duten egitasmo honetan, tartean, NAREko Amaia Ramirezek, dibertsitate funtzionala duten lagunen inklusioa lantzeko pausoak eman ditu. Haren inguruko xehetasunak azaldu dizkigu Itsaso Nabaskues proiektuko kideak.

Gizarte justu eta inklusiboago baten aldeko jarduna. Esaldi horrek laburbildu dezake “Pilota inklusiboa” programaren lan egiteko motibazioa. Zenbait eragile elkartu dira bertan, eta guztiek norabide berean dihardute. Hala azaldu du taldeko kide den Itsaso Nabaskuesek. Gainontzekoak, Uxue Fernandez irakaslea, Jurgi Olasagasti Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kidea, Oidui Usabiaga EHUko Kirol eta Hezkuntza Saileko kidea eta Amaia Ramirez psikologoa eta NAREko zuzendaria dira.

“Diru laguntza baten berri izanda abiatu genuen proiektua”, zehaztu du Nabaskuesek. Haren esanetan, Olasagastik jakinarazi zien saio inklusiboak diseinatu eta ikertzeko aukera zegoela, eta hala abiatu zuten proiektu pilotua, iaz, Usurbilen egindako ekinaldi batean.

Parte hartzaileei interesgarria iruditu zitzaien aukera hori: “Egungo gizartean pil-pilean dagoen hitza da inklusioa; gizartearen dibertsitatea isladatzen du”. Nabaskuesek azaldu du diskriminazio mota ezberdinak ematen direla egun, eta hori pizgarri izan zaiela lan hau egiterako orduan: “Arraza, genero, edota dibertsitate funtzionalaren arloan ematen dira. Kirola garrantzitsua da arlo horiek lantzeko”.

Hala, pilota baliatu dute haien ikerketaren funts gisa: “Gaitasun ezberdina duten pertsonek hartu dute parte. Ariketa ezberdinak eta jolasak egiten dituzte, eta gauza asko planteatzen dituzte hala”. Emaitza ona lortu dela dio Nabaskuesek: “Parte hartzaileak gustura geratu dira; haietako batzuk etxera joan eta Usurbilgo esperientzia errepikatzeko asmoa agertu dute”.

Egindako lan guztia esaldi batean laburbildu du pilota inklusiboaren lanketa hau egin duten kideek: “Inongo diskriminaziorik gabe aritzea posible dela baieztatu dugu”. Bide berriak zabaltzea falta da orain; horretarako prest daude kide hauek, zeinetan NAREko Amaia Ramirezek aholkulari lanak egin dituen.

0 replies

Leave a Reply

Want to join the discussion?
Feel free to contribute!

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *